BH2C, Hidrogenoaren Ebroko Korridorearen Lehen Foroan
Berriak

BH2C, Hidrogenoaren Ebroko Korridorearen Lehen Foroan

Azaroaren 4an, ostirala, Hidrogenoaren Ebroko Korridorearen lehen foroa egin zen Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian (CAT). Proiektuari atxikitako lau eskualdeetako (Euskadi, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia) 200 enpresa baino gehiagok parte hartu zuten ekitaldian, eta hidrogenoaren balio-kate osoa ordezkatzen duten 43 proiektu eman zituzten ezagutzera.

Bilera CTAn egin zen, hain zuzen ere, eta bertan erabilera industrialerako hidrogeno berdearen Nafarroko lehen instalazioa iragarri zen. 10 milioi euroko inbertsioa izango du eta, proiektu publiko-pribatua izanda ere, Next Generation funts europarren finantzaketa izango du. Funts horietara biltzean, 10 MWeko ekoizpen-gaitasuna izango duen instalazioak 2026a amaitu baino lehen egon beharko du martxan.

Hauexek dira Hidrogenoaren Ebroko Korridorearen helburuak:

  • Europako hegoaldean hidrogeno berriztagarriaren balio-katearen hedapena lideratzea.
  • Lankidetza publiko-pribatuko eta lurraldearteko zein sektore anitzeko proiektu aitzindaria izatea, baterako helburuarekin: ekonomiaren deskarbonizazioa eta lurraldearen garapen ekonomiko eta soziala.
  • Tokiko gaitasun teknologiko eta industrialak garatzea.

Hidrogenoaren Ebroko Korridoreak ekintzak sustatuko ditu eremu guztietan, ekoizpena, garraioa, erabilerak eta biltegiratzea barne. Hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenari dagokionez, ekosistema honek 2025ean 400 MWeko ekoizpen-gaitasuna instalatzeko helburua finkatu du (horri lotutako sorkuntza berriztagarriko 1,5 GWeko ekoizpenarekin), 2030ean 1,5 GWera iristeko xedez (6 GW berriztagarri).

Foroak Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako gobernuen ordezkaritza instituzionala izan zuen, eta Euskal Korridorearen aldetik José Ignacio Zudaire eta Iñigo Ansola bertaratu ziren, BH2Cko presidentea eta presidenteordea, hurrenez hurren, eta bien artean, elkarrekin lan egitearen garrantzia azpimarratu zuten, “indarrak batuz, sinergiak sustatuz eta osagarritasunak baliatuz, hidrogeno berdearen ekonomian oinarritutako garapen jasangarriaren eta berrikuntzaren mesedeko kluster bat sortzeko asmoz”.

Topaketan, Hidrogenoaren Ebroko Korridorearen barruan Euskadi, Katalunia, Aragoi eta Nafarroako lau haranetatik egiten ari diren ekimenak bilduko dituen dokumentua sortzea adostu zuten, sektoreko ekimen aitzindaritzat posizionatzeko asmoz. Ildo horretan, José Ignacio Zudairek gogora ekarri zuen BH2Ck European Hydrogen Valley 2022 aintzatespena lortu berri duela Bruselan, eta “gure proiektuetako bik IPCEI (Europako Interes Komuneko Proiektu Garrantzitsuak) kalifikazioa jaso dutela”.

Albisterako esteka: Hidrogenoaren Ebroko Korridoreak enpresen arteko lehen foroa antolatu du - EVE

10 milioi euroko inbertsioa hidrogeno berdearen Tuterako instalaziorako (diariodenavarra.es)

Hidrogenoaren Ebroko Korridorearen proiektuari atxikitako lau autonomia-erkidegoen ordezkariak, atzo elkarrekin Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian (CAT)

Hidrogenoaren Ebroko Korridorearen proiektuari atxikitako lau autonomia-erkidegoen ordezkariak, atzo elkarrekin Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian (CAT)

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut