BH2Cren Mugikortasun arloko Bertikalaren topaketa
REPSOL eta EVE buru dituen Mugikortasunaren arloko Bertikalaren lehen topaketa BECen egin zen martxoaren 21ean, asteartea. Euskadin H2 bidezko mugikortasunaren hedapenarekin lotuta dauden Euskadiko eragile nagusiekin batera, saioan Madrilgo Udal Garraio Enpresaren (EMT) eta Bartzelonako Garraio Metropolitarren (TMB) ordezkariek ere parte hartu zuten hidrogeno bidezko autobusen hedapenari buruz Madrilen eta Bartzelonan izandako esperientzien berri emateko, interes handia piztuz eta zalantzak, arazoak eta soluzioak partekatzeko gune bat sortuz bertaratutakoen artean.
Saioaren hasieran, EVEk BH2Cren aurrerapena eguneratu eta bertikalen definizio berria eman zuen. Egun, Mugikortasunaren arloko Bertikala hamabost ekimenek osatzen dute, eta horietatik hiru topaketan aurkeztu ziren.
REPSOLek hidrogeno bidezko mugikortasuna estatuan hedatzeko estrategiaren aurrerapena eguneratu zuen, H2 horniduraren bermean, kalitatearen bermean eta segurtasunaren bermean oinarrituta, betiere Repsolen industria-eragiketen estandarrei jarraiki. Horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan H2 bidezko mugikortasunarei hedapenari eta balizko kokapenei buruzko aurreikuspena aurreratu zuen.
Bestalde, IRIZARek, herriarteko zein distantzia luzeko autobusetarako erregai-pilaren alde egin duen apustuaren testuingurua azaldu zuen, datozen hilabeteetan gutxienez 500 km-ko autonomia duen i6 efficient autobusaren prototipoaren baliozkotzearekin eta saiakuntzekin hasiko direla aurreratuz.
Azkenik, TALGOk H2 bidezko intercity trenaren proiektuaren egoera eguneratu zuen. Tren horrek PERTE funtsak lortu ditu "H2aren Balio-katea: Hidrogeno bidezko Mugikortasuna" deritzon deialdiaren bitartez. Proiektuaren helburua trenbide-mugikortasunari aplikatutako hidrogenoaren teknologia garatzea da, balio-kate osoa integratuz, eta Talgoren ekarpenak S730 diesel batetik eratorritako tren dual-hibridoaren garapena du oinarri, H2 pilak eta bateriak dituen CET berri bat garatuz, diesel sorgailuen ordez.
Gainera, topaketak networking-gune bat ere izan zuen, inplikatutako eragileek H2 bidezko mugikortasunaren hedapenaren etapa desberdinei buruzko aurrerapenak eta esperientziak partekatzeko.