Bizkaiak aurrera egin du garraio publikoan hidrogenoa erabiltzeko planean
Bizkaibusek bigarren proba egingo du Caetano Buseko autobus batekin, ekainean lehen aldiz Solarisek utzitako batekin probatu ondoren
Bizkaiak beste urrats bat eman du hidrogenoa garraio publikoan erabiltzeko planean. Bizkaibusek bigarren zirkulazio eta hornikuntza proba egingo du hidrogenoz propultsatutako autobus batekin, eta oraingoan egiazko ibilbideetan probatuko du Caetano Bus fabrikatzailearen H2.Cyty Gold modeloa Bizkaiko trazaturik urbanoenak dituzten hiru eskualdeetan zehar. “Gero eta garbiagoak eta jasangarriagoak” diren autobusak sartzeko lanean jarraitzea da Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua, ‘zero isurpen kutsagarriko’ mugikortasun-ereduan aurrera egiteko.
Bizkaibuseko lineetan probatuko den ibilgailua Toyota Motor Europe akziodun nagusi duen Caetano Bus fabrikatzailearen H2.Cyty Gold modeloa da. Motor elektrikoa baino ez duen ibilgailua da, eta % 100 hidrogenoz elikatutako erregai-pila batek sortzen duen energia elektrikoaren bidez bultzatzen da. I. motako autobusa da, zoru baxukoa, 12 metroko luzera eta 87 bidaiarirentzako edukiera dituena. 180 KWeko motorra du eta 400 km-ko autonomia % 100 eta 350 bar-eko gehienezko presioan kargatuz gero.
H2.Cyty Gold ibilgailuak erosotasun eta irisgarritasun handia eskaintzen die erabiltzaileei. Bateriak, hidrogeno-andelak eta erregai-pila sabaian kokatuta daudenez gero, barruko espazioa erabat optimizatuta dauka, zabalago bihurtuz. Hauxe da Bizkaibusek hidrogenoz propultsatutako autobus batekin egingo duen bigarren proba, ekainean Solarisek lagatako Urbino 12 Hydrogen modeloarekin egin zuen probaren ondoren.
Orduko hartan bezalaxe, proba egiazko ibilbideetan egingo da, Ezkerraldea-Meatzaldean, Nerbioi-Arratia-Durangaldean eta Txorierri-Mungialdean barna, joan-etorrian dabiltzan autobusei jarraiki. Erregaiz hornitzeko probak Carburos Metálicos enpresak instalatutako hidrogeno-hornitegi eramangarri baten laguntzaz egingo dira, eta honek hidrogeno berriztagarriaren hornidura ere egingo du.
Albisterako esteka: Bizkaiak aurrera egin du garraio publikoan hidrogenoa erabiltzeko planean (cronicavasca.com)