SPRI Taldea, Petronor, Energia Klusterra eta Tecnalia Houstonen, Net Zero Basque Industrial Super Cluster delakoa ordezkatuz
Berriak

Euskadik Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimena aurkeztu du Houstongo (AEBak) “Deskarbonizaziorako aliantza teknologikoak” ekitaldian

Hidrogenoaren Euskal Korridoreak ere parte hartu du Petronor, Energia Klusterra eta Tecnaliaren eskutik

Net-Zero Basque Industrial Super Cluster da World Economic Forum-ek 2050erako 0 isuri garbiko helburua betetzeko sustatu duen proiektuan parte hartzera gonbidatutako hamar eskualde-ekimenetako bat

SPRI Taldea, Petronor, Energia Klusterra eta Tecnalia Houstonen daude aste honetan, “Net Zero Basque Industrial Super Cluster” ekimena ordezkatzeko World Economic Forum-ek eta Electric Power Research Institute-k antolatutako “Deskarbonizaziorako aliantza teknologikoak” ekitaldian.

Net-Zero Basque Industrial Super Cluster da World Economic Forum-ek 2050erako 0 isuri garbiko helburua betetzeko sustatu duen proiektuan parte hartzera gonbidatutako hamar eskualde-ekimenetako bat

Urriaren 10etik 12ra eginiko ekitaldi horretan elkarrekin batu dira WEF “Transitioning Industrial Clusters towards Net Zero” ekimena osatzen duten kluster guztiak, helburutzat harturik proiektuak eta esperientziak partekatzea, erronkak eta aukerak aztertzea eta beharrezko aliantza teknologikoak sustatzea hainbat sektore industrialen deskarbonizazioranzko trantsizioa azkartzeko.

“Net-Zero Basque Industrial Super Cluster” ekimenaren ordezkaritzak hainbat saiotan parte hartu du hiru egun hauetan. Ekimena bera eta lortutako aurrerapen garrantzitsuenak aurkeztu ditu eta orobat nabarmendu ditu tokiko balio-katearentzako aukera teknologiko eta industrialak, ekimen hau gainerakoengandik bereizten duten elementuak alegia.

Zentzu horretan, merezi du aipatzea euskal ekimena aukeratuetako bat izan dela ekitaldiaren inaugurazio-saioan parte hartzeko eta bertaratuei azaltzeko zeintzuk diren Net Zero Basque ekimenaren helburuak, bazkideak eta ikuspegia, eta zeintzuk diren industrien eta agenteen arteko lankidetzaren onurak tokiko industriaren lehiakortasunerako eta enplegu-sorkuntzarako. 

Petronor-ek hitzaldi bat eman du teknologiari buruzko saio batean, non azaldu baitu bere prozesuak deskarbonizatzeko erronka aukera bihurtu dela konpainiarentzat eta Euskadirentzat, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen bitartez, lankidetza publiko-pribatuko estrategia bat abiatu baita hainbat proiektu garatzeko hidrogenoaren balio-kateko maila guztietan.

«Walkabout session» saioan, ordezkaritzak garapen teknologiko eta industrialeko hainbat proiektu aurkeztu ditu, hala nola Hidrogenoaren Euskal Korridorea, adimen artifiziala darabilen Bideratu analisi-tresna (Elkartek proiektua) edo Sarralle enpresak lideratutako H-Acero proiektua (Hazitek), zeinak ekipamenduak eta ezagutzak garatzen baititu hidrogeno berdea erabiltzeko prozesu siderurgikoetan.

Aste honetan zehar, euskal ordezkaritzak aldebiko bilerak egingo ditu EPRIko (Electric Power Research Institute) arduradunekin, hidrogeno berdeari, eraginkortasun energetikoari eta elektrifikazioari buruzko esperientziak eta ezagutzak trukatzeko.

Albisterako esteka: Euskadik Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimena aurkeztu du Houstongo (AEBak) “Deskarbonizaziorako aliantza teknologikoak” ekitaldian - SPRI

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut