Japoniako Nagoya eskualdeak interesa aurkeztu du Hidrogenoaren Euskal Korridoreaz
Euskadik harrera egin dio aste honetan Japoniako enpresa-misio bati, hainbat korporazio, hezkuntza-erakunde eta bestelako erakunde ekonomikoren hogeita hamar bat kontseilari ordezkarik (CEO) osatuta, Euskadi eta Japoniaren arteko merkataritza-harremanak indartzeko asmoz.
Japoniar ordezkariak "Chukeiren" deritzon herrialde hartako "Central Japan Economic Federation" elkarte ekonomikoko kideak dira, eta haien helburua lankidetza eta negoziorako aukerak identifikatzea da.
Asteartean, urriak 11, José Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridoreko (BH2C) presidentearekin bildu ziren Euskadin hidrogenoaren garapenarekin lotutako planak eta, zehazkiago, 70 enpresa inguru biltzen dituen elkarteak aurreikusitako proiektuak bertatik bertara ezagutzeko.
Japoniako ordezkaritzak, Mizuno Akihisa buru, Toyota, Hitachi edo Mitsubishi bezalako nazioarteko aintzatespena duten 32 enpresa japoniarren ordezkariak biltzen ditu, eta Euskadiko industria-sarea in situ ezagutzeko interesa aurkeztu dute, Europako erreferentziazko industria eskualde gisa.
Iñigo Ansola eta Aitor Urzelai EEEko eta SPRIko zuzendari nagusiekin batera, José Ignacio Zudairek orain urtebete Hidrogenoaren Korridorearen Euskal Elkartea sortu zeneko parametroak azaldu ditu: 1.500 milioi euroko inbertsioa 2026ra arte, eta 1.340 lanpostu zuzen eta 6.700 zeharkako sortzea.
Albisterako esteka: Japoniako Nagoya eskualdeak interesa aurkeztu du Hidrogenoaren Euskal Korridoreaz (petronor.eus)