Nortegasek "arrakastaz" amaitu du H2Sarea proiektuaren lehen fasea
Probatutako gas-nahasketaren banaketak ihesik sortu ez duela ondorioztatu du
Nortegasek arrakastaz amaitu du H2Sarea proiektuaren lehenengo proba-fasea, eta 3.000 orduz gas naturala banatzeko sarearen erreplika bat probatu du, horren osagai guztiak barne, % 5 hidrogenoa eta % 95 metanoa zituen nahasketa baten bidez.
Konpainiak azaldu duenez, probatutako gas-nahasketaren (% 5 hidrogenoa eta % 95 metanoa) banaketan “ez da ihesik sortu”, eta halaxe frogatu dute 550 kontrolgunetan baino gehiagotan egin dituen probek. Kontrolgune horiek egungo banaketa-sarearen puntu kritikoetan finkatu dira: erregulazio eta neurketa estazioetan (ERM), lotura bridatuetan, soldaduretan, ziztadetan, balbuletan, altzairu eta polietilenozko hodietan, altzairu-polietilenozko trantsizioetan eta polietileno-kobrezko trantsizioetan, baita etxeko instalazio eta kontagailuetako hainbat puntutan ere.
Gainera, gas naturala banatzeko sarea eta etxeko instalazioak osatzen dituzten ekipo guztien “eragiketa zuzena” egiaztatu da.
Nortegasek azpimarratu du H2Sarea Estatu mailan parekorik ez duen proiektu dela eta hidrogeno berdearen injektatze segurua bultzatuko duela gas naturala banatzeko azpiegituretan, hidrogenoa eta gas naturala gero eta gehiago nahastuz.
H2Sarearen bitartez, Nortegasek hidrogenoaren erabilera eraginkorraren inguruko “erronka energetiko garrantzitsuenetako” bati heldu dio, izan ere, gas berriztagarri hori gas naturala banatzeko sareetan injektatzeak egungo azpiegiturak aprobetxatzeko aukera emango luke, hidrogenoak ekonomiaren deskarbonizaziorako palankatzat duen eginkizuna sendotzen laguntzeaz gain.
Enpresaren hitzetan, lehen fasearen “arrakastaren” ondorioz, beste proba-ziklo bat egingo da, eta bertan, 3.000 orduz % 10 hidrogenoa eta % 10 metanoa dituen nahasketa bat erabiliko dela instalazioetan, azpiegiturak hidrogenoaren presentziaren aurrean duen erresistentzia berriz ere egiaztatu ahal izateko.
H2Sarearen helburua gas naturalaren azpiegituraren funtzionamendua hainbat 'blending' portzentajetan probatzea da, hidrogenoaren % 100era iritsi arte, banaketa-sarea pixkanaka eraldatzeko beharko liratekeen soluzio teknologikoak ezagutu eta prestatzeko.
Lortutako emaitzak baliagarriak izango dira eragile arautzaileei benetako esperientzietan oinarritutako hurrengo urratsak eta proposamen zehatzak agertzeko, eraldaketa honen ezarpena gauzatzeko aukera egon dadin.
Javier Contreras Nortegaseko kontseilari ordezkariak nabarmendu duenez, H2Sarearen lehen lan-fasean lortutako emaitzek azpiegitura probatzen jarraitzera bultzatzen dute, “gure deskarbonizazio-helburuei dagokzien emaitzak lortzea ahalbidetuko duten 'blending' mailak lortu arte”.
Albisterako esteka: https://www.nortegas.es/notas-de-prensa/nortegas-culmina-con-exito-la-primera-fase-de-su-proyecto-h2sarea/