Petronorrek Europaren babesa lortu du 100 MWeko elektrolizagailuaren proiekturako
Petronorek Europako funtsak jasoko ditu hidrogeno berriztagarria ekoitziko duen 100 MWeko instalazioa abian jartzeko. Repsolek eta Petronorrek aurkeztutako ‘Bay of Biscay Hydrogen’ elektrolizagailuaren proiektua “Europako interes komuneko proiektu garrantzitsua (IPCEI)” da Europako Batzordearen esanetan. IPCEI zigilua lortu izanak berealdiko bultzada eman dio Petronorrek Euskadin hidrogeno berriztagarria garatzeko abian duen prozesuari.
Hauxe da Estatu osoan onartu diren 7 proiektuetako bat, eta guztien artean, 5.200 milioi euro ere jaso ahal izango dituzte laguntza publikoetan martxan jarri ahal izateko. Repsolen eta Petronorren ekimenak hidrogeno berriztagarria ekoizteko 100 MWeko instalazio baten garapena, eraikuntza eta eragiketa aurreikusi ditu. Instalazio honen ekoizpena Bilboko Portuaren, Ezkerraldearen eta gertuko eremu geografikoaren inguruan dauden industria-kontsumitzaile handiak deskarbonizatzeko erabiliko da, haien deskarbonizazio-prozesuetan aurrerapausoak emateko aukera izan dezaten. Gainera, penintsulako parke berriztagarrietako energia elektrikoaren bidez sortutako tokiko hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenari esker, energia-horniduraren segurtasuna areagotu ahal izango zaie energia horretaz baliatzen diren kontsumitzaile guztiei.
Proiektua diseinu eta garapen aldian dago egun, eta instalazioa 2023an eraikitzen hasi eta 2024ko bigarren erdialdean jardunean izango dela aurreikusi da. Elektrolizagailu honek hidrogeno berriztagarria sortuko du mugikortasuna deskarbonizatzeko aplikazioetarako eta garraio astunerako, Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkeko Energy Intelligence Centerren luze gabe instalatu eta ekoizpen-instalazioarekin zuzenean lotuta egongo diren azpiegituren bitartez.
“Bay of Biscay Hydrogen” ekimenak funtsezko garrantzia du Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) garapenerako. Petronor buru duen partzuergo honek 80 erakunde biltzen ditu, Euskadin hidrogeno deskarbonizatuaren ekonomia sustatzeko helburuaren inguruan. Hartara, ekoizpenean ez ezik, balio-kate osoaren garapenean ere eragiten du, hidrogeno berriztagarriak trantsizio energetikoan dakarren garapen ekonomiko eta industrialerako aukera erakartzeko asmoz. Proiektu hau da, hain zuzen ere, Petronorren plan estrategikoan, Alba filialaren bitartez, deskarbonizaziorantz eta trantsizio energetikoranzko jotzeko aurreiku diren ekimen nagusietako bat.
Albisterako esteka: Petronorrek Europaren babesa lortu du 100 MWeko elektrolizagailuaren proiekturako (petronor.eus)
Prentsa-oharra, hemen.