Altzairu fabrikatzaileek energia-kontsumo handiko prozesuak elikatzeko hidrogenoa erabiltzeko aukera aztertu dute
Azken hilabeteotan, munduko enpresa askok proiektu pilotu ugari aurkeztu dituzte, hidrogenoak energia-kontsumo handiko industria-prozesuak eraldatzeko eta ikatzarekiko zein beste erregai fosilekiko lotura desegiteko duen ahalmena frogatzeko.
Hilabete honen hasieran, Vattenfall energia-talde suediarrak hidrogenoa ekoizteko munduko lehen unitatea eraikitzen laguntzeko planak iragarri zituen, Herbehereetako Hollandse Kust West itsas-parke eolikoaren proiektutik abiatuta. Helburua hidrogeno “berdea” Rotterdamera garraiatzea da, hainbat prozesu industrial eta petrokimikotan erabiltzeko.
Enpresa aitzindaria da jadanik hidrogeno “berdearen” erabileran –energia berriztagarria erabiltzen du uretik hidrogenoa eta oxigenoa ateratzeko–, ibilgailuen fabrikazioan diharduen Volvo Taldearentzako altzairu berdea ekoizteko.
SSAB metal-ekoizle suediarra eta LKAB burdin-meatzaritzako enpresa ere partaide dituen partzuergoko kidea denez gero, herrialde hartako urtegi-sistemaren energia hidraulikoa erabili du hidrogenoa elektrolisi bidez sortzeko. Hau erreduktore kimikotzat erabil daiteke burdin-mineralaren oxigenoa ateratzeko eta kalitate handiko altzairua ekoizteko.
Beste altzairu-ekoizle batzuk ere prest daude, arras kutsagarria den koke-ikatza galdaketako mineralaren osagaitzat pixkanaka-pixkanaka erabiltzeari uzteko eta energia berdeago batera aldatzeko, eskuragarri dagoenean.
ArcelorMittal enpresak, Europako altzairu-fabrikatzailerik handienak, 5.600 milioi dolarreko inbertsioak iragarri ditu Espainia, Kanada, Belgika eta Frantziako lantegietan, altzairuaren ekoizpena deskarbonizatzeko proiektuetarako.
Baina hidrogenoaren erabilera problematikoa da oraindik ere, siderurgia eta “nekez deskarboniza daitezkeen” beste industria batzuk deskarbonizatzeko.
Proiektu pilotu hauetako asko estu-estu lotuta daude gas naturaletik hidrogenora, partzialki baina ez guztira, eman beharreko pausoarekin, hidrogeno “berdea” dela nahiz erregai fosiletatik sortutako barietate “grisa” dela.
ArcelorMittalen asmoa etorkizuneko inbertsioak “hidrogenorako prest” egongo direla bermatzea da, eta horrela, hidrogeno-hornidura prest dagoenean, gas naturala ordeztu ahal izango da, deskarbonizazioari dagozkion helburuak betetzen laguntzeko.
Joan den hilean, Vattenfall partaide duten partzuergoek Suediako hego-mendebaldeko kostaldeko parke eolikoetan sortutako energia aprobetxatzeko planak iragarri zituzten, 2030erako hegazkinetan erregai fosilik gabeko hidrogenoa oinarri duten erregai jasangarriak erabili ahal izateko.
Enpresa, halaber, hidrogeno berdea erabiltzeko moduak aztertzen ari da Eskandinaviako paperaren eta paper-orearen sektoreak sortzen dituen “karbono dioxido biogenikozko” hondakinak prozesatzen laguntzeko.
Hidrogenoak eginkizun handia izango du hainbat manufaktura-sektoretan, izan ere, Nordlanderrek dioenez, sektore horiek “tenperatura altuak behar dituzte, eta zaila dute elektrizitatea zuzenean aplikatzea”.
Baina muga teknologikoetako bat, uretik hidrogenoa eta oxigenoa atera eta erregai berdearen erreserba sortzeko erabili beharreko ekipoen horniduran dagoen mugapena da. “Ez dago gaitasun nahikorik elektrolizagailuak ekoizteko”.
Steelmakers explore hydrogen to power energy-hungry processes | Financial Times (ft.com)