BH2Cren Elkarteak bi ekitalditan parte hartu du Bruselan
Lehenengo ekitaldia, The Clean Hydrogen Partnership, The European Hydrogen Valleys Partnership eta The Northern Netherlands Region erakundeek antolatua, “'Towards an EU Roadmap for Hydrogen Valleys – Regional actors and their role: double the number of valleys by 2025 and build-up skills' izenburuko workshopa izan zen, otsailaren 28an eta martxoaren 1ean egindakoa. workshoparen helburua Europako hidrogeno-haranen hedapenean eta eskalatzean eskualdeek eta tokiko eragileek dituzten aukerak eta erronkak azaltzea izan zen, 2025erako kopurua bikoizteko asmoz. Helburu hori lortzeko, Europako Batzordeak beste 200 milioi euro eman dizkio Clean Hydrogen Partnership erakundeari REPowerEU planaren bidez.
Martxoaren 1ean, arratsaldez, Hydrogen Valley Event: ‘Repowering the EU with Hydrogen Valleys: showcasing innovative solutions’ ekitaldia egin zen Bruselan, eta bertan, Europako Batzordeak “Moving the hydrogen economy from niche to scale” izenburuko adierazpen bateratua sinatu zuen Europako hidrogenoaren industriarekin, komunitate zientifikoarekin eta Europako eskualdeekin, hidrogenoaren haranak garatzea xede duten baterako ekintzak bizkortzeko asmoz.
Hauxe da adierazpenaren helburua: etengabeko inbertsioa sustatzea ikerketan eta berrikuntzan, finantzaketa-baliabideen arteko lankidetza sustatzea, ezagutzak trukatzea, hezkuntza eta gaitasunen prestakuntza. Gainera, hidrogenoaren eskualde mailako sareak eta hidrogeno-haranen arteko interkonexioak garatzeko eskatu du.
Hidrogeno-Haranen hedapena Europa osoan bizkortu eta REPowerEU eta Europako Berrikuntza Agenda Berria inplementatzeko, ibilbide-orria aurkeztuko da 2023an. Hidrogenoaren balio-kateko eragileek aurre egin beharreko erronkak eta aukerak funtsezko ekarpena izango dira ibilbide-orria idazteko.