central-benorth
Berriak

Nortegasen H2SAREA eta BENORTH2 proiektuak, hidrogenorako Europako gas-sarea prestatzeko Espainiako ekimenen artean

Hidrogenoa bektore energetiko nagusietakoa bihurtuko da Europarako. Ondorioz, hidrogeno-bolumen handiak egungo gas-azpiegituraren bidez garraiatzea soluzio bideragarri eta eraginkorra izan liteke kostuei dagokienez.

AlineadoHelburu honekin lerrokatuta, Europako deskarbonizazio-prozesua bizkortu nahi da, eroanbide berrietan zein lehendik zeudenetan oinarritutako hidrogeno-azpiegitura garatuz. Gasaren banaketa-sarea hidrogenoaren banaketarako erabiltzeko proposamena Espainian ere islatu da. Europako Batzordearen esanetan, Europan erregai hau ekoiztu eta esportatzeko potentzial handiena duen herrialdea da, kontsumoaren urtarokotasunaren eta ekoizpen berriztagarriari dagokion kuota handiaren ondorioz.

Gas Naturalaren Sarean injektatutako hidrogenoa aztertzeko Sedigasek bultzatu duen Think Tank batean, Espainian dagoen gas-azpiegituren maila ona nabarmendu zen, izan ere, ondo mantenduta eta behar bezala saretuta dagoenez gero, hidrogenoa kontsumo-guneetaraino eraman lezake, ziklo konbinatuak nahiz industriak, birkarga-guneak edo etxeko kontsumitzaileak barne hartuta. Aldi berean, gas naturalaren azpiegituretan hidrogenoa injektatzeari buruzko legeria aldatzeko beharra egiaztatu zen, izan ere, egungo araudiak blending-maila jakin bat onartzen du, baina garapenak maila zabalagoa behar du.

Nortegas buru duten proiektuetako bi dira biltegiratze eta banaketaren erronkari aurre egitea xede dutenak: H2SAREA eta BENORTH2.

Lehenengoa 2021ean abiarazi zen, gas naturala banatzeko egungo sareetan gas berriztagarri horren injekzioaren ondorioak aztertzeko asmoz. Egun gas naturala erabiltzen duten azpiegitura eta ekipoen portaera aztertzea da H2Sarearen helburua, bai etxeko instalazioetan, bai instalazio industrialetan, hidrogenoaren gero eta portzentaje handiagoekin nahastuz, banaketa-sarea apurka-apurka eraldatzeko soluzio teknologiko berriak garatzeaz gain. Ildo horretan, proiektuak I+G esparrua bultzatuko duela aurreikusi da, bereziki hidrogenoa injektatzeko sistemetan, konpresio-sistema aurreratuetan, finkapen adimendun espezifikoen garapenean, eta material eta osagai berrien ikerketan, % 100eko hidrogenoa duten inguruneetan zein gas naturalarekiko nahasketa aldakorretan erabil ahal daitezen, baita hidrogenoa bereizteko sistema modularretan, sentsoreetan eta erregailuetan ere.

Bestalde, aurten bertan aurkeztu den Benorth2 proiektuak Espainiako hidrogeno-sarerik handiena eraikiko du: 15 kilometrotik gorako luzera du Bizkaiko zortzi udalerritan zehar. Sarean hidrogenoaren eta gas naturalaren arteko nahasketa bat erabiltzea aurreikusi da hiriko gas-sarean erabiltzeko, baina horrekin batera, industria eta garraio arloetako erabileretarako eta Amorebieta-Etxanoko ziklo konbinatuko zentralaren jarduerarako ere banatuko da.

Hasierako inbertsioa 50 milioikoa izango da 20 MWeko sorkuntza-ahalmena lortzeko, baina helburua 2030a baino lehen 200 MWeko sorkuntza-ahalmenera iristea da, eta horretarako, 300 milioi euroko guztizko inbertsioa egingo da. Berrikuntza nagusia, egungo banaketa-sarean erabiltzeko moduko gas naturalaren eta hidrogenoaren arteko nahasketa baten elaborazioa izango da, eta ahalegin horretan aurrera egitea da xede nagusia.

Bigarren fasean, 20 MWeko elektrolizagailuak ardatz dituen jarduera aurreikusi da, urtean 2.000 tona hidrogeno baino gehiago lortzeko asmoz. Ekoizpenaren zati nagusia gas-kontsumorako sarean zehar banatuko da, Nortegasek kudeatuta (4,38 tona egunean), beste zati bat instalazioari energia emango dion turbinan erabiliko da (0,96 tona egunean) eta hirugarren zatia industria eta garraioa hornitzeko banaketa-sisteman (0.14 tona egunean).

Albisterako esteka: Europako gas-sarea hidrogenorako prestatzen ari da - Gas Actual | SEDIGAS – Espainiako Gas Elkartea

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut